Honen bitartez, gaur EHAAN argitaratutako AGINDUA, 2023ko otsailaren 14koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen da eta oinarriak onartzen dira Fundación Basque Team Fundazioak bekak eman ditzan 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei laguntzak eman diezazkien 2023ko goi-mailako proiektuetarako, erantsi da. ‘Basque Team 2023 Bekak’ eskatzeko epea ireki da
Getxo, 2023ko otsailaren 22a.- Basque Team Fundazioko Patronatuak 2023. urteko goi-mailako kirolarientzako bekak emateko arauak onartu ditu. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago jadanik, eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, hilabeteko epean itxiko da. Oinarriak oso-osorik kontsultatu eta jaitsi daitezke http://basqueteam.eus/becas/webgunean. Beka hauen helburu nagusia Fundazioaren eginkizunari dagokion goi-mailako euskal kirola sustatzea da. Laguntzak kirol ez-profesionalari zuzenduta daude nagusiki, kirol-modalitate olinpiko eta paralinpikoei. Basque Team 2023 bekek laguntza ekonomikoak eta laguntza-zerbitzuak aurreikusten dituzte (zerbitzu biomedikoak, kirol-prestakuntza optimizatzeko zerbitzuak, kirol-psikologia, kirol-karrera eta ibilbide akademikoa uztartzeko laguntza, kirol-ibilbidea amaitzean laneratzeko prozesuan laguntzea, irudi- eta komunikazio-zerbitzuak…). Beharrezko baldintzak betetzen dituzten teknikari espezializatuek ere eska ditzakete Basque Teameko laguntzak, baita goi-mailako epaileek ere. Halaber, errendimendua hobetzeko laguntza osagarriak eskatzeko aukera izango dute bekadunek, eta goi-mailako probetan lortutako bikaintasun-emaitzengatiko sariak lortuko dituzte (kontsultatu oinarriak). Beka hauek jasotzeak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetzea dakar, joko garbiari, dopinaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokei eta beste hainbat alderdiri dagozkien arauak aintzakotzat hartuz. Beka eskatzerakoan, beharrezkoa da nazioarteko azkenaldiko kirol emaitzarik garrantzitsuenak biltzen dituen kirol curriculuma aurkeztea, baita 2023. urte osorako plangintza ere, helburuak eta kirol-lehiaketen egutegia barne. Beka emateko kontuan hartuko dira nazioarteko kirol-lehiaketetan (Europako eta Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak) 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean lortutako emaitzak, kategoria absolutuan. Nolanahi ere, bekari eusteko, salbuespenez, kontuan hartuko dira haurdunaldia, lesioak edo osasun fisiko edo mentaleko iraupen luzeko eta larritasun handiko arazoak direla-eta kirola egitea eragotziko luketen justifikazioak. Beka motak: a.- ‘Basque Team Kirolariak’ bekak: Entrenatu eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatzeko laguntzak dira. Probaren arabera izan daitezke:
‘Basque Team Kirolariak’ edo ‘Atzeraeraginezko Basque Team beka’ baten onuradun den kirolaria prestatzeko arduradun nagusiari zuzendutako laguntzak dira. c.- ‘Atzeraeraginezko Basque Team’ bekak: 2022an ‘Basque Team Kirolariak’ beka baten onuradun izan direnentzako laguntzak dira, baldin eta urte horretan eskatutako emaitzan parte hartu ez badute edo lortu ez badute. d.- ‘Basque Team Support’ bekak: ‘Basque Team Kirolariak’ beketara sartzerik ez izan arren, 2022ko denboraldian programa olinpikoan sartutako banakako edo taldeko proben Munduko txapelketetan edota Europako txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen duten kirolarientzako laguntzak dira. e.- Basque Team Epaileak bekak: 2022an lehiaketa jakin batzuetan parte hartu duten epaileentzako laguntzak dira, dagokion nazioarteko kirol-federazioak egindako deialdi ofizialaren ondoren, eta jokoa garatzeko arau teknikoak eta kirol-arauak aplikatuz lehiaketak garatzen aktiboki parte hartzen duten epaileentzat. Bikaintasun proiektuak Bekez gain, Basque Team Fundazioak laguntzak emango dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei, nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza handia izatea eta goi-mailako kirol-emaitzak lortzea ahalbidetuko duten goi-mailako proiektuetarako. Laguntzak euskal kirolarien partaidetza olinpikora bideratutako proiektuak gauzatzeko eskainiko dira, oro har, abian den Udako Jokoetarako zikloan (Paris 2024) edo hurrengoan (Los Angeles 2028), edo Neguko Jokoetarako abian dagoen zikloan (Milan-Cortina d´Ampezzo 2026). Kirol-proiektuak goi-mailako kirolariak diren euskal kirolarientzat sortu eta bideratuko dira, bai eta, kirol-ibilbideagatik edo lortutako emaitzengatik, eskaera egiten den unean goi-mailako maila lortzetik bereziki gertu dauden euskal kirolarientzat ere. Kirol proiektuak olinpiar programaren barruko probetara zuzenduta egongo dira. Laguntza hauetatik kanpo geratzen dira Basque Team Fundazioarekin akordioa edo hitzarmena sinatuta duten kirol-erakundeek garatutako goi-mailako kirol-proiektuak, estrategikoak edo lehentasunezkoak direlako. Proiektu estrategiko horiek surfeko, slalom piraguismoko, neguko kiroletako eta kirol egokituko modalitateei edo diziplinei dagozkienak dira. Liga profesionaletan parte hartzen duten kirol-erakundeak ere kanpoan geratzen dira.
|
TelefonoaTel.: 94 473 51 25
10:00etatik - 14:00 etara |
|